Euskarabideak sortutako ondorengo webgunea jarri nahi dizuegu eskura. “Mattin eta Kattalin” bideo laburrez osatutako webgune bat da, haurrei ahozko ondarea modu erakargarrian transmititzea helburu duena. Horretarako, 8-10 minutuko iraupena duten bost bideo sortu dira eta hauetan bi pertsonaiek parte hartzen dute: Mattinek eta Kattalinek.
Mattin mutilak eta Kattalin azerikoak zenbait pasarte bizi dute, oso modu dibertigarri eta entretenigarrian, tartean kantak, esamoldeak, ipuinak, aho korapiloak, asmakizunak… sartuz.
Mediatekan jasotako ondare materiagabeko, zehazki, euskarazko haur folkloreko, 55 pieza inguruk osatu dituzte bideoen gidoiak. Berriemaileen ahozko lekukotasunak jorratzen dira, euskaraz. Ahozko testigantza horiek Nafarroako hainbat herri euskaldunetan bildu dira.
Webgunea etxeko txikienei zuzendua dagoenez, plataforma oso intuitiboa, bisuala eta haiek bakarrik erabiltzeko modukoa da.
Guraso, ikasle eta helduei zuzendutako atal bat ere badu, eta bertatik mediatekako jatorrizko bideoetara lotura egiten da. Horrez gain, pieza hauen letrak ikusi eta deskargatu daitezke. Ea gustoko duzuen.
Utzi erantzuna